Mugan barrena baserriz baserri, jatetxez jatetxe, etxerik etxe jasotako oroitzapenen eta bizipenen bitartez egindako bidaia duzue Mugako Sukaldeak. Xumea zen baserritarren bizimodua, urtaroen araberakoa. Sukaldea zen etxeko gela nagusia eta han biltzen ziren —mahaiaren inguruan— familia, auzoak eta harat-honat zebilen jendea. Tximinian edo sukaldean jartzen ziren eltzeak egosten; jakiak, berriz, sinpleak eta sendoak izaten ziren, haien eginkizun nagusia familia elikatzea baitzen. Eta ugariak izan ohi ziren orduko familia asko eta asko.

Kontrabandoak ere lagundu zuen eguneroko bizimoduan aurrera egiten, batez ere gerra-garai zail haietan, mugak itxita zeudenean… Transmisioa da gakoa: «Behar-beharrezkoa non gauden, zer garen ulertzeko ere».

Beste garai bat, beste bizimodu bat erakusten digute istoriook: zintzotasuna, une ederrak bizi izanaren sentipena («Bizitza gogorra zen, baina moldatzen ginen»). Edadetuenentzat, hau zen garrantzitsuena: «Zegoen hura jateko aukera ematen zuen baserriko bizimoduak». Lekukotza ugarik egiten dute bat beste gogoeta honekin: «Nire ustean, hobeto bizi ginen garai hartan. Estuagoak ziren harremanak, sendoagoa elkartasuna. Gogorragoa zen bizimodua, egungoarekin alderatuta, baina garrantzi handia zuten balioek». Eta zera gogoratzen dute gehienek: «Mugarekin lotura estua zuen bizitzak».

Gure sustraiak, gure kultura, gure nortasuna ezagutarazi eta belaunaldien arteko lotura sortu.