10 Lehen nola egiten zuten gaztanbera

BEÑAT EZKURRA

Gasnarik ez zuten egiten haien etxean Beñat ttikia zenean. Esnea saltzen zuten eta, haiei dagokienez, behi esnea edan ere bai. Ardi esnearekin gaztanbera edo mamia egiten zuten. Hala ere beti zen hobe esnea saltzea, horrek dirua ekartzen baitzuen etxera. Igande egunetan, edo pazko egunean, beti egiten zuten gaztanbera. Nahiz eta pastizak erosi, hori izaten zen merkeena. Hiru pintako kokeletan egiten zuten eta denek koilararekin hartzen zuten. Beti hoztua zenean jaten zuten. Orain ez bezala, lehen, suarekin erretzen zuten. Burdina sartzen zuten labean gorritzeko eta, burdina goria zenean, esnean sartzen zuten eta harek irakanarazten zuen esnea. Esneari erre zaporea ematen zion eta hori jendeak anitz maite zuen. Orain arauak daude eta ez dago hori egiteko eskubiderik.