12 Matxiarena jatetxeko funtzionamendua

PAKITA ALZUGUREN TELLETXEA

Matxiarena jatetxean hiru eginkizun izaten zituen Pakitak: janaria prestatzen laguntzea goizetan, garbitzea, eta jendeari janaria zerbitzatzea. Hagitz gustura aritzen zen, betidanik gustatu izan zaiolako jendearekin egon eta zerbitzatzea. Ordura arte kozinatzen zerbait ikasia zuen, baina jatetxean gauza anitz egiten ikasten dela dio. Matxiarena jatetxean Palmas (hagitz sukaldari ona zena) eta Mariasun aritzen ziren sukaldean eta Juanma, haien anaia, ostatuan. Pakita Palmas eta Mariasunekin egoten zen sukaldean. Mugimendu handia izaten zuten jatetxean, orduan Savera, Alco, Bercol edo Laminaciones fabriketako nagusiak bertara joaten baitziren bazkaltzera. Pakitarentzat ohore handia zen haiei zerbitzatzea. Horiek astetartez etortzen ziren eta asteburuetan bertze profil bateko jendea joaten zen.