14 Yasolako benta. Bertako eskaintza eta bezeroak

MERTXE PERUGORRIA MONTIEL

Borda zahar bat da Yasolako benta. Sinpleki bazkaltzera joan zaitezkeen leku bat, ez baitute karta luze bat. Hiruzpalau gauza eskaintzen dituzte, ezin direlako gehiago konplikatu. Lehen ez zuten argirik eta orain dela hiru urte eguzki-panelak jarri zituzten. Hala ere, ez dute izugarrizko azpiegiturarik, kamara batzuk edaria freskatzeko eta hozkailuak postreak mantentzeko. Ez dute haragi anitz edukitzeko lekurik. Behar dutena igo egiten dute. Enkarguz bildotsa eta oilaskoa egiten dute, bildotsa beti etxekoa. Gainontzean, enkargurik gabe jaki sinpleak eskaintzen dituzte: etxeko zopa, zainzuriak, hestebeteak eta tomatea, urdaiazpiko edo piper tortilak edo arraultza frijituak urdaiazpiko eta patatekin. Normalki Yasolara joaten den bezeroa mendizalea da, edo nora doan dakiena, beraz ez dute azalpen handirik behar izaten. Gehienetan nonbait aditu dutelako edota norbaitek gomendatu dielako joaten dira bezeroak. Eguraldi onak mesede egiten dio Yasolako funtzionamenduari. Eguraldi txarrarekin, ez da jende anitzik izaten. Eguraldi politarekin jende ugari ibiltzen da.