19 Ostatuan eskaintzen zituzten otorduak

PAKITA ALZUGUREN TELLETXEA

Ostatua hartu zuen garaian jende anitz egoten zen herrian. Asteburuetan jendeak ohitura zuen bokata bat afaltzeko ostatuan, musean aritzeko eta gero Bordatxora joateko goizeko ordubiak aldera. Baina gero jendea hiruak-lauak aldean etxeratzen hasi zen eta azken boladan afalondoan jada erretiratzen zen jendea, bertzerik gabe. Otorduei dagokienean, lehendabiziko urteetan Pakitak erabaki zuen plater konbinatuak ematea soilik. Baina langile anitz etortzen zen lanera bertze herrietatik Etxalarrera (harginak, zurginak…) eta eskatzen zioten ea bazkaririk emanen ote zuen. Pakitak etxekoentzat egin behar zuen janaria eta, beraz, erabaki zuen ez zitzaiola axola aho gehiago elikatzea. Beti gustatu izan zaio Pakitari garai bateko jakiak prestatzea eta, adibidez, lekalea edo potajea beti egiten zuen. Gero entsaladak, pasta, gisatua, oilaskoa… egiten hasi zen. Plater konbinatuak asteburu hondarretan ematen zituzten eta udaberrian menuarekin hasi ziren. Aitzinago, erabaki zuten egun berezietan ere otordu handiak egitea, adibidez kinto besta egunean. Menu bereziak egiten ziren egun horietan. Pakitari ez zaio inoiz bereziki gustatu postre bereziak egitea, baina bere alaba abila da horretan eta bera aritzen zen.