35 Arto-opilak, ogia eta artu ta esnia

MARI LUZ REKARTE IBARRA

Ttikiak zirenean Mari Luzek oroitzen du patata jaten zutela etxean. Arto-opilak ere bai. Lurreko suan burniekin zutik jartzen zituzten lehendabizi taloak eta “xiraldu” egiten zituzten (pixka bat berotu eta beltzatzeari deitzen dio horrela). Gero “artamantenua” deituriko egur batean (egur kurbadun bat) jartzen zituzten arto-opilak, zutik suari begira. Brasa zabaldu egiten zuten eta, tarteka, arto-opilei buelta eman. Orain taloak plantxan egiten direla dio Mari Luzek, baina garai hartan suan egiten zituztela. Gero aitak labea egin zuen. Lehen ogia Donamarian saltzen zuten estraperloan, zakuka. Mari Luzen familiari saldu egiten zioten Gazteluko herria hurbil zutelako bizitokitik. Berez, Narbartetik hartzea tokatzen zitzaien, baina errazionamenduan ematen zuten eta bi urtean behin banatzen zuten ogi-zakua. Arto-opilez gain, “artua” deitzen zuten borobil lodi bat ere egiten zuten. Xerratu egiten zuten eta, gero, esnean egosi. Horri “artu ta esnia” deitzen zioten.