36 Iratze-metak egitea arto-alorraren truke

MARI LUZ REKARTE IBARRA

Mari Luzen familian ez zuten lur-sailik artoa maiz egiteko. Etxe ondoan bi alor ttiki zituzten soilik. Legasan alor ttiki bat lortu zuten errentan, baina lan handia ematen zien. Legasaraino joan behar izaten zuten. Mari Luzek dio bera “xadratzen” aritzen zela, aitzurrarekin belarra kentzen. Gero arrastiloarekin bildu egiten zuen, su-emateko. Gero alorra prestatu behar izaten zen eta, gero, erein. Ondotik jorratu behar izaten zen. Alor ttiki horren trukean iratze-meta pila bat egin behar izaten zuten. Mendian terreno handi bat zegoen eta bertan iratze-metak egin behar izaten zituzten alorra erabiltzearen truke.