01 Aurkezpena, anaien zaintza eta lana egiten ikastea

MARI LUZ REKARTE IBARRA

Mari Luz Rekarte nekazaria izan da bere bizitza osoan zehar. 6 urte zituenerako, hiru anai gazteago zituen zaintzeko. Bederatzi anai-arreba ziren guztira. Mari Luzek bortz anai zaharrago zituen eta bera seigarren umea zen, baina bere ondoko hiru anaiak zaintzea tokatu zitzaion, amak etxetik kanpoko lanak egiten baitzituen. Eskolara gutxi joan ziren anai-arrebak, gurasoek ondoko etxeetara igortzen baitzituzten behien aitzinean lana egitera. Ez zuten dirurik baserrian eta, bizitza ateratzeko, kanpora joan behar izaten zuten lanera. Beti kanpoko lanean aritu dela dio Mari Luzek eta ikusita ikasi duela. Ume zenean ondoko etxeetara bidaltzen zuten gurasoek laguntzera eta adibidez horrela ikasi zuen josten. Barridean (auzoan) bazegoen josten zekien emakume bat eta berak erakutsi zion. Kanpoan ikasten zuen egin behar zena eta gero etxean egiten zuen lan. Zortzi anai zituen eta bera zen neska bakarra eta, gurasoek kanpoko lanak egiten zituztenez, berak egin behar izaten zituen etxekoak. 1939. urtean jaio zen Santa Lokadia baselizan eta oraindik bertan dago.