01 Aurkezpena eta lan-ibilbidea

PAKITA ALZUGUREN TELLETXEA

Berako Miranda baserrian sortu zen duela 66 urte Pakita Alzuguren. Garai hartako baserri bizimoduan ohikoa zen gisa, eskolara joan zen Pakita 12 urte bete arte. 13 urterekin neskato hasi zen lanean Berako etxe batean, eta asteburuetan etxeko jabearen Larungo bentan egiten zuen lan. Bederatzi urte egin zituen horrela eta, amaitzean, Berako Matxiarena jatetxean hasi zen lanean eta sukaldaritzaz anitz ikasi zuen bertan. Tartean, usoa nola prestatu ere ikasi zuen han lanean zebilenean. Lan hura utzi zuenean, Ibardinen hasi zen lanean. Hala, Etxalarko Esteban Danborienarekin ezkondu zen eta bi seme-alaba izan zituzten (semea duela hainbat urte hil zen), eta hauek hiru-lau urte zituztenean Etxalarko herriko ostatua hartu zuen Pakitak. 25 urtez aritu zen bertan, iaz erretiroa hartu zuen arte.