11 Ura baserrian

THÉRESÈ IRATZOQUI

Uztaritzeko baserria ur-bazterrean zegoen eta, etxetik mugitzen ziren aldiro, barku bat hartu behar izaten zuten. Eskolara joateko eta edozertarako barkua hartzen zuten. Ura inguruan bazuten, baina etxean ez zuten edateko urik. Erreka hori igaro, pitxerrak hartu eta hiru pentze igaro behar izaten zituzten, trenaren bidera heldu arte eta bertatik hartu behar izaten zuten ura (gero itzulerako bidea eginez). Kontent ailegatzen ziren etxera urarekin, baina lan nekeza zen. Bortz urte bederen horrela egin zituzten ura izan arte. Orduan uraren kontsumoari gehiago begiratzen zioten. Arropa garbitzeko ura, adibidez, kanpotik hartzen zuten, Errobi ibaitik. Ur gutti erabiltzen zuten, kasu eginez.