13 Arto-xuriketa

THÉRESÈ IRATZOQUI

Arto-xuritzea egiten zuten Uztaritzeko baserrian. Izugarrizko besta egiten zuten eta jende anitz etortzen zen laguntzera. 20-25 lagun biltzen ziren, lana egiten zuten, baina hagitz ongi jaten zuten. Gero haiek joaten ziren bizilagunen etxeetara laguntzera. Arto-xuritzea urria inguruan izaten zen, udazkenean. Lehenbizi artoa xuritzen zuten eta, gero, afari eder bat egiten zuten. Kantuak eta istorioak kontatzen zituzten. Beti ez zuen eguraldi ona egiten eta, kontent egoten ziren arren, beti ez zen erreza. Ura prestatu behar zen. Arto-burua eskuetan hartzen zuten eta iltze batekin edo “puntero” batekin hostoak kentzen zizkioten. Artoa eta hostoak bereizten zituzten horrela. Artoa animaliek jateko erabiltzen zen eta hostoak behien azpirako erabiltzen ziren. Baserriko ganbaran egiten zuten, goiko solairuan. Borobilean jartzen ziren eta zegoen artoaren arabera egun bat edo gehiago behar izaten zuten. Thérèseren familiaren baserrian arto-landak eta arbi-landak izaten zituzten eta Thérèseri izugarri gustatzen zitzaion jorratzea. Egun bat hartzen zuen horretarako. Baratzean aritzea ere gustatu izan zaio.