13 Arraina Matxiarena jatetxean

PAKITA ALZUGUREN TELLETXEA

Matxiarena jatetxeko plater izarra arraina izaten zen. Nagusiaren koinata arrantzalea zen eta barkua zuen. Berak ekartzen zuen arrain freskoa eta Pakita ere joan izan da Donibane Lohizunera berak barkuan ekarritako arrainaren eske. Legatzak, mihi-arrainak… izaten ziren. Jende anitz jatetxera arrainarengatik etortzen zen. Arrain-zopa hagitz ona egiten zuten, baita “merluza a la vasca” deitzen zuten platera ere (legatza saltsa berdean egitearen gisakoa). Pakitak bertan ikasi zuen jaki horiek nola prestatzen ziren.