21 Semearen heriotza eta ostatua ixtea

PAKITA ALZUGUREN TELLETXEA

Ixterako orduan sorpresa handia eman zutela dio Pakitak. Azken urteetan ez zuten lanean aritzeko jenderik topatzen eta 2016an semea hil zitzaien 20 urterekin. Semea hagitz abila zen harremanetan eta ostatuan ere abilezia berezia zuen jendearekin egoterako orduan. Semea hil zen garaian alaba Donostian Magisteritza ikasten ari zen eta Pakitak ikusi zuen ostatua lotura handia zela. Urte hartan 25 urte betetzen zituzten ostatua ireki zutenetik eta erabaki zuten urte hondarrean itxiko zutela. Ez zuten eman erabakiaren berri eta abenduaren 13an, Santa Luzia egunean, ostatua ireki eta jan-edana eskaini zioten etorri zen orori. Aitor Mendiluze eta Anjel Mari Peñagarikano ekarri zituzten bertsotara eta Angel Mariezkurrena eta Bankako Menditarrak. Besta handi bat egin eta han iragarri zuten ostatua itxiko zutela. Izugarria izan zen Pakitarentzat. Urte erdi egin zuen ostatuak itxia eta pandemia garaian bikote batek hartu zuen. Pakitak sukaldean egiten zuen erakutsi zien, baina ez ziren ongi moldatu ostalaritzan. Gero itxia egon zen eta azken urteetan, bertze jabe bat du ostatuak. Pakitak dio anitz gustatzen zitzaiola lana eta semea bizi balitz bertan segituko lukeela ziur aski.