26 Ohatzeko arropak garbitzea

MARI LUZ REKARTE IBARRA

Ohatzeko maindireak hilabetean behin aldatzen zituzten. Bazituzten “zinkeak” deitzen zituzten burni altu batzuk eta arropez betetzen zituzten. Gainean oihal bat jartzen zioten eta, hilabetean behin egiten zuten ekintza horri, “lixiba” deitzen zioten. Gainean jartzen zuten oihal hori hautsez betetzen zuten eta, aldi berean, sutan ura berotzen jartzen zuten. Ura berotu zenean, hautsari botatzen zioten. Burnizko zinkeak beheitian grifo moduko bat izaten zuen, zulo bat. Eta han ura biltzeko zerbait paratzen zuten. Horrela, tresna horrek lixibaren funtzioa egiten zuen eta ohatzeko maindireak garbitzen zituen. Arropa hautsarekin egosten zuten. Guztia zuri-zuria ateratzen zen. Eta soberan gelditzen zen ur hori, gorputzeko krema moduan erabiltzen zuten. Etxeko guztiek hankak garbitzen zituzten ur horrekin. Ur horrek azala xuabe-xuabe uzten zuen eta zerbait naturala zen. Garbitzeko xaboia gutti izaten zuten. Batzuek jakiten zuten nola egin, zerriaren gantzarekin. Baina Mari Luzen amak ez zuen sekula egiten. Gaztelun bazeuden egiten zutenak eta oraindik ere badaude. Horretarako gordetzen dute soberan gelditzen den olioa.