34 Gerraren beldurra

MARI LUZ REKARTE IBARRA

Espainiako Gerra Zibilaren bukaeran jaio zen Mari Luzen anaia Joxe eta bere ondotik jaio zen Mari Luz. Nahiz eta gerra bukatu zenetik lau-bortz urte inguru igaro, oraindik ere soldaduak zelatan egoten ziren etxe inguruan. Mari Luzek oroitzen du behin gerrarekin beldur handia pasa zuela, 6 urte inguru zituenean. Bere anai bati soldaduskara joatea tokatzen zitzaion eta abisu bat bidali zuten etxera galdetzeko ea ze azienda zegoen etxean. Behorrak edo astoak ote zeuden jakin nahi izaten zuten, gero gerrara igortzen baitzituzten gauzak garraiatzeko mendietan. Mari Luz ikaratu egin zen, abisu hori bidali zutenerako uste baitzuen gerra hasiko zela berriro ere.