51 Xuri-beltxak nola prestatu

MARI LUZ REKARTE IBARRA

Izozkailutik bezperan ateratzen ditu gordetako tripotxak Mari Luzek eta egunean bertan, platera prestatzen segitzeko lehendabizi zartagin batean tipula sueztitzen jartzen du Mari Luzek. Tipula sueztitzerakoan hozten uzten du eta arraultzak irabiatzen ditu (ez gehiegi). Bi sardeskarekin irabiatzen ditu arraultzak, ez irabiagailu elektrikoarekin. Gero bertara botatzen dio perrexila, tipula eta xingarra. Gatza ere botatzen dio. Hertzea ongi lotu behar da, bertzela uretan ireki eginen baita eta guztia aterako baita. Gaur egungo hertzeak plastikozkoen modukoak direla dio Mari Luzek eta ongi lotua ez badago atera egiten da. Lehen termometrorik ez zuenean nahasi egiten zen Mari Luz, baina orain termometroa erabilita 90 gradutan dagoela neurtzen du. Gaur egun 50 litroko lapiko handi bat du eta bertan egiten du. Ura gainera ateratzen denean ohartzen da egosita daudela. Egosten sartzerakoan, segituan zulatu egin behar da haizea barrenera sartzeko. Eta aldi berean, haizea sartzen zaionean perrexila zabaldu egiten da. Horregatik, trikimailua hartua du Mari Luzek perrexila denean zehar ongi eta berdin hedatzeko. Gero guztia zentimetro inguruko pusketan banatzen du eta olioan itzuli bat ematen dio. Garrantzitsua da ez frijitzea, bakarrik pasada bat ematea. Puskatuta denbora anitz pasa badu betegarriak, lehortu egiten da. Komeni da tapatzea edo beroaren ondoan izatea. Odola aparte prestatzen da, tipularekin. Bertze lapiko batean tomatea izaten dute, hau ere etxekoa. Betegarria zartaginean dagoen bitartean tomatea eta odola botatzen zaizkio tartekatuta, baita oilo salda pixka bat ere, zukutsuagoa ateratzeko.