05 Baserriaren ezaugarriak eta etxekoak

PAKITA ALZUGUREN TELLETXEA

Baserriko beheitiko zatian aziendak egoten ziren, eta bigarren solairuan bizitza. Goitiko aldea libre izaten zuten eta belarra, artoa eta patata gordetzen zituzten bertan. Otorduak etxeko gauzekin egiten ziren: oilaskoak, zerriak, baratzeko porruak eta patatak, aza… Pakitaren ama ere neskato aritu zen lanean eta hala ikasi zuen kozinatzen. Otorduak egiten zituen berak, baina gainontzean beti kanpoan aritzen zen lanean. Aita ere aziendekin edo belarrekin aritzen zen, baserriko lanetan. Pakitaren aita Saldesberea baserrikoa zen eta ama Maritxentxokua zen, biak auzokoak. Pakitaren aitari Miranda eman zion bere aitak, baserri zahar-zahar bat. Beti baserria moldatzen aritu dira. Baserritik ez zuten dirurik ateratzen, nahiz eta ongi bizi ziren eta jatekorik bazuten. Kanpoan lan eginez irabazten zuten dirua baserria moldatzeko baliatzen zuten. Horrela joan ziren poliki-poliki baserri guztia moldatzen eta, egun, Pakitaren anaia bat bizi da bertan eta bertzeak ondoan egina du etxea.