08 Lekarozko institutuko garaia

ANA BELEN ANSALAS BENGOCHEA

Lekarozeko institutuan mutilentzat barnetegia izaten zen eta neskek eguna soilik pasatzen zuten bertan. Goizean joaten ziren, bazkaltzera ematen zieten, baina arratsalderako etxera itzultzen ziren. Bartzelona, Bilbo eta Iruñeko mutilak izaten ziren bertan. Herri txiki batetik joanda aldaketa handia izan zela dio Ana Belenek. Hasieran salto handi bat izan zen berarentzat eta erraten du, akaso, orain ez zela hala izanen, autoekin jendea gehiago mugitzen delako egun. Orain 54 urte ditu eta 16 urte zituen joan zenean, beraz urte anitz pasatu direla dio. Bertan lau urte egin zituen, hiru BUP-en, eta bat COU-en, eta gero uztea erabaki zuen. Joan-etorria ez zitzaion nekagarria egiten. Astelehenetan ikasleen autobusak bertze hirietatik etortzen zirenez, goizeko 11:30ean hasten ziren eskolak eta ilunabarreko 19:00ak aldera bukatzen zuten. Ordutegia barnetegikoentzat pentsatuta zegoen. Gainontzeko astegunetan goizeko 09:00ak aldera hasten ziren.