40 Artozko lastairak eta bertako zimitzak

MARI LUZ REKARTE IBARRA

Etxean lo egiteko leku txarra izaten zutela dio Mari Luzek. Artoa izaten zutenean, zuritu eta burua kendu egiten zioten eta barreneko zuria bereizi egiten zuten. Horrekin egiten zuten ohatzea, “lastaira” deitzen zutena. Artoari hosto beltzak kendu eta zuriekin betetzen zuten. Mari Luzen aita etxean zurgin aritzen zen eta berak egiten zituen ohatzeak. Gurasoek ez zuten dirurik ardiaren ilerik erosteko eta artoarekin egiten zuten. Urtero berritu egiten zuten, artoaren hostoak urtebeteren buruan erraustu egiten zirelako. Mari Luz denborarekin ohartu zen lastairak “zimitza” sortzen zuela. Zimitza mamurru beltz bat da, marroi gisakoa. Hozka egiten zuen. Ohatzea zimitzez betetzen zen eta Mari Luzek behin erran zuen nahiago zuela lurrean lo egin, zimitzez beteriko ohatzean sartu baino. Eguna zuloetan gordeta pasatzen zuten zimitzek eta gauean ateratzen ziren.